Hiriak eta Zainketak

Hiri produktibotik dimentsio anitzeko hirira.

Hainbat hamarkadatan industrializazioa bizi ondoren, gure hiriak –beren dimentsio fisikoetan eta lege-dimentsioetan– produktibitatera bideratutako lekuak dira. Salgaiak bana daitezke, merkataritza-jarduera baten publizitatea jarri edo lanera gidatzen joan daiteke hirietan, materialki eta modu nahiko erraz eta egunerokoan. Jarduera horiek erregulatzen dituzten arauak daude, jarduera horiek egitea ahalbidetu eta, are, egiten laguntzen digutenak eta nola, noiz eta non egin behar ditugun esaten digutenak. Arau horiek norbanakoaren eskubidearen eta interes kolektiboaren arteko oreka bilatzen dute.

Jarduera produktiboek izan duten pribilegio-egoerak bultzatuta, produktibitateari laguntzen dioten norbanako gisa definitu dira herritarrak. Beren lan-dimentsioaren arabera bereizten dira herritarrak (enpresariak edo langileak, profesionalak edo funtzionarioak). Herritarren ezaugarri biologikoak (adina, gaitasun kognitiboa edo egoera fisikoa) eta subjektiboak (afektuak, afekturik eza edo gogo-aldarteak) ez dira kontuan hartzen hiria eratu, diseinatu, arautu eta gobernatzen denean. Ukapen hori ez da maila praktikoan bakarrik gertatzen: arazo nagusia ez da bakarrik hiria erabiltzeko zaila dela gaizki ikusten duten edo estresa ondo jasaten ez duten pertsonentzako. Sozializatu eta normalizatu egin da herritarren dimentsio biologiko eta subjektiboen ukapena, printzipio kultural eta, batez ere, politiko bihurtzeraino.

Gure hiriak produktibitatearekin lotuta ez dauden jardueretako ingurune areriotsuak dira: pixka bat lo egiten saiatzea, zerbitzu bat erabiltzea, ur garbia ordaindu gabe edatea, kutsatu gabeko airea arnastea, kontsumitu gabe dibertitzea edo haurtxo batekin egun euritsu batean busti gabe paseatzea balentria handia da gaur egungo hirian. Jardunbide horiei begira arautzeko interes txikia izan da. Jarduera horiekin zerikusia duten arauak daudenean, horiek debekatzea edo mugatzea izan ohi dute helburutzat.

Historian zehar, oparitzen diren edo merkatu-baliorik gabe ematen diren eginkizun ugari egin dute emakumeek

Historian zehar, oparitzen diren edo merkatu-baliorik gabe ematen diren eginkizun ugari egin dute emakumeek, ugaltze-jarduera deritzenak; jarduera horietan, erabakigarriak dira alderdi biologikoak eta subjektiboak. Emakumeek, ordain ekonomikorik espero gabe beste batzuk artatzeaz gain, arau bidezko erakundeen edo enpresen zaintzarik gabe egin dute. Horrek kapital bakarra sortu du, sozialki eta kulturalki oso aberatsa, baina tradizioz ikusezina eta antolatu gabea dena: zainketen ondarea. Askotariko jarduera ugari sartzen da zainketa-jardun horren barruan: atseden-beharra asetzea, osasuna zaintzea, intimitatea zaintzea, gozamena sentitzea, higienea, jolasa eta afektua, etab. Jardunbide horiek eta beste batzuek hiriak osatzen dituzten bi egitura nagusiak mobilizatzen, zalantzan jartzen eta desafiatzen dituzte: etxeetako espazioa eta espazio publikoa, hiria etxea bailitzan jardutea eragiten duen –eta alderantziz– bategite adostailea ezarriz. Halaber, norbanakoaren gorputzarekiko arreta eta hiria (bir)naturalizatzeko beharra batzen dituzte.

Zainketen arkitektura baterantz

Arkitekturak ere ez dio arretarik eskaini zainketak artatuko dituzten hiri-espazioak eraikitzeari. Modu ikusgarrian eta egituratuan sartzeko, zera bultzatu beharko genuke:

  • Gizakiaren berezko gaitasunak eta gerora hartutako askotariko gaitasunak artatuko dituzten hiriak eta arkitektura.
  • Diseinuaren funtsezko alderdi modura, ezaugarri ezberdinetako herritarrek izango duten esperientzia kontuan hartuko duten arkitektura eta hiria.
  • Denbora modu jarraituan, pertzepzio subjektiboarekin bateragarria izango den moduan, ulertuko duten eraikuntzak, diseinurako funtsezko baldintzatzailetzat hartuz eraikin bat, ekipamendu bat edo auzo bat erabili aurretik eta ondoren gertatzen dena.
  • Esperientzia bere dimentsio indibidualetan ez ezik, gizarte-konstruktu gisa ere aztertzen dituzten diseinuak, ziur aski esperientziaren dimentsio sozial hori atzemateko, diseinua aztertuko dute parte-hartze metodoak erabiliz.
  • Modu kontzientean eta planifikatuan, hirian nabigatzen eta orientatzen laguntzen duten patroiak eta salbuespenak eraikitzen laguntzen duten arkitektura eta hiriak.
  • Hirian interes publikoak eta pribatuak orekatzen dituzten plangintzak, lehen mailako erabiltzaileen (jabeak, errentariak edo erabiltzaile zuzenak) beharrak ez ezik, gainerako herritarrenak ere modu aktiboan kontuan hartuz.
  • Hiri irekiak eta konektiboak, jarduera pribatuen eta publikoen artean konexioa egotea ahalbidetuko dutenak.
  • Identitatea eraikitzeko erabiltzen dituen komunitateak denon lorpen eta merezimendu gisa ikusi ahal izateko adinako kalitatezko, xehetasunezko eta bereizgarritasunezko arkitekturak eta hiriak.

URBANBATfest jaialdiak zainketen kapitala ospatzea, aintzatestea, ezagutaraztea, sozializatzea eta bultzatzea nahi du

Aniztasuna ospatzea

URBANBATfest jaialdiak zainketen kapitala ospatzea, aintzatestea, ezagutaraztea, sozializatzea eta bultzatzea nahi du, baita zainketak duen izaera kulturalki femeninoa ere; zainketen definizio bizia, aktiboa, antolatua eta ikusgarria definitzen lagundu nahi du, zainketen gaiari aniztasunetik eta konplexutasunetik helduz.

Horretarako, teknikariak, herritarrak eta agintariak elkartuko dituen egitaraua antolatu dugu, hiri-kudeaketa eta hiri-diseinu inklusibo eta zaintzaile baten partaide izan daitezen. Orduan, gure hiriak eta hiriok gobernatzeko eredua hirietan bizi garenon zainketa indibidualak eta kolektiboak kontuan hartuta birpentsatu ahal izango ditugu.

Mila esker Izaskun Chinchillari, jaialdiaren edizio honi dagokion testua idazten lagundu izanagatik.